Gaizki sentitzen naiz

Gaztaroan, ohikoa da gaizki sentitzea. Batzuetan, presioa handiegia da, eta estresatuta, triste eta nahasita sentitzen zara. Ez dakizu zer egin, askotan gauza gehiegi daude barruan eta eztanda egin behar duzula sentitzen duzu. Horretaz hitz egitea zaila da, batzuetan zer sentitzen duzun ere ez dakizu, edo hainbeste gauza sentitzen dituzu nondik hasi ez dakizula.

Garrantzitsua da gaizki zaudenean aintzat hartzea zure inguruko jendea; baina, jakin badakigu batzuetan ez dugula ingurune egokirik edo gure inguruneak ezin digula lagundu sentitzen dugu. Minak edo ondoezak ez dute beti osasun mentaleko arazorik ezkutatzen; batzuetan egoeraren ondorioa baino ez da. Bada, horrelakoetan ere garrantzitsua da norbaitekin hitz egin ahal izatea. Hemen, aintzakotzat hartzen zaitugu, eta anonimotasunez eta ziurtasunez hitz egin dezakezu edozein gauzari buruz.

Sartu txatean

BAKARDADEA

Gure gizartean, dena azkarregi doa. Internet gure bizitzaren zati garrantzitsua da, baina jendearekin konektatzea zaila da.  Batzuetan, bakardadea erabaki propioa izan daiteke, eta ondo dago erabakitzea jendearekin ez egotea. Bakarrik egotea gogoetarako eta lasaitasunerako unea izan daiteke; baina, bakardadea, aukeratua ez bada, oso tristea izan daiteke, hutsune- edo isolamendu-sentsazioa izan daiteke, eta zure gogo-aldarteari eta ongizateari eragin diezaieke. Zure lagun-taldean baztertuta senti zaitezke, edo, batzuetan, bakarrik sentitzen zara ikasgelan. Eta arazo bilakatzen da segurtasunik eza edo presioa eragiten badizu.

Gainera, gizonok arazo handiagoak ditugu emozioei buruz hitz egiteko. Gizarteak, askotan, emozioak erreprimitzen eta laguntzarik ez eskatzen irakasten digu. Zaila izan daiteke jakitea noiz sentitzen dugun tristura edo etsipena. Horren ondorioz, baliteke depresioa oharkabean pasatzea edo behar bezala ez tratatzea.

Bakarrik sentitzea askori gertatzen zaigu. ONCE Fundazioaren ikerketa baten arabera, Espainiako gazteen % 69 bakarrik sentitu dira bizitzaren uneren batean. Garrantzitsua da horri buruz hitz egin ahal izatea!

Bakardade-sentimendua oso gogorra da, haitzulo bat bezalakoa da edo huts-sentsazio ikaragarria. Eta ondorio sendoak ditu: Cacioppok eta Hawkleyk 2009an egindako azterlan batek agerian utzi zuen bakardade kronikoak % 29 areagotu dezakeela gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arriskua. Bakardadeak gure adimenari ez ezik, gure gorputzari ere eragin diezaioke!

Askotan, ez da erraza zure ingurukoekin edo familiarekin hitz egitea. Inork ez zaituela ikusten sentitzen baduzu, edo betetzen ez zaituzten harremanak badituzu eta jendearekin konektatzea kostatzen bazaizu, esan diezagukezu. Edo foroan har dezakezu parte, lekukotza anonimo baten bidez. Hor, zu bezalako beste mutil batzuk aurkituko dituzu, irakurri eta erantzun diezazuketenak. Asko gara berdin sentitzen, bada garaia horretaz hitz egiteko!

Habla con otros chicos

DEPRESIOA

Munduko Osasun Erakundearen arabera (MOE), bakardadea depresiorako arrisku-faktorea izan daiteke, bereziki nerabe eta heldu gazteen kasuan. Bazenekien depresioa arazo bihur daitekeela lo hartzeko, eta estres handia edo umore-aldaketa maiz izatea eragin dezakeela? 

Depresioa gai larria da, baina, zoritxarrez, oso ohikoa da gazteen artean. Hainbat faktoreren arteko konbinazioaren ondorioz sor daiteke: hormona-aldaketak pubertaroan, esperientzia gogorrak, familia edo eskola-arazoak, gizarte-presioak, presio akademikoa, autoestimu negatiboa eta abar. Osasun fisikoari eta eskolako errendimenduari eragiten die, bizi-erabakiak hartzeko orduan eragiten digu eta arrisku-egoeretara eraman gaitzake. Garrantzitsua da horri buruz hitz egin ahal izatea.

Depresio-sintomak edukitzeak ez du esan nahi gaixorik egotea. Batzuetan, egoera gogorra da besterik gabe, eta ez dakigu zer egin. Laguntza eta konpainia apur batekin, eta hitz egiteko aukerarekin, arazoak beti hobeto doaz.

Interesatzen zaizkizun talde-jardueretan parte hartzeak laguntzen du, hala nola eskola-klubetan, kirol edo jarduera artistikoetan; horrek guztiak erraztu egin dezake harreman iraunkorrak eta esanguratsuak garatzea. Norbaitekin hitz egitea ere garrantzitsua da. Horregatik, entzun eta ulertu zaituztela sentitzea nahi dugu. Gurekin hitz egin ahal izango duzu beti kezkatzen zaituenari buruz.

Zein dira seinalerik ohikoenak?

Arazo emozionalak tartean direnean, ez dago beti hain argi. Askotan, kontu emozional gisa ulertzen ez ditugun gauzak gertatzen zaizkigu. UNICEF-en arabera, seinaleak askotarikoak izan daitezke:

  • Hauek senti ditzakegu: nekea, insomnioa, amesgaiztoak, bizkarreko minak, buruko mina, sabeleko mina, azaleko arazoak.
  • Honela egon gaitezke: urduri, negargurarekin, suizidio-ideiekin, suminkor, bakarrik edo arazo akademikoekin.
  • Eta hauek ekar ditzake: gainpisua edukitzea, argalegi egotea, gure nortasunari buruzko zalantzak izatea.
  • Nor bere burua zauritzera irits gaitezke, elikadura-nahasmenduak eduki, substantziak gehiegikeriaz kontsumitu, jokabide arriskutsuak edo delitu-jokabideak izan…

Zure kasua izan daitekeela eta norbaitekin hitz egin nahiko zenukeela sentitzen baduzu (konpromisorik gabe, zalantza aurkez diezagukezu, besterik gabe), zure esanetara gaude.

Ireki txat anonimoa